
Kerobiaren lan berria doan jaitsi ahal izango da
2008/04/15
Autoekoizpenaren bidetik iritsiko zaigu Materia organikoa eta gainerakoak lana eta, euskarri fisikoan salgai jarriko badute ere, www.kerobia.com-en doan jaitsi ahal izango da diskoko kantak eta gainerako materiala. Bihar bertan Gaztea.com-en zintzilikatuko ditugu "Asteroideen antzokian artista eraila" kantua eta bideoklipa.
Apirilaren 29an aurkeztuko du prentsaurreko batean Kerobia talde iruindarrak Materia organikoa eta gainerakoak lan berria. Disko hori urte eta erdian taldeak kaleratuko duen trilogia baten lehen zatia izango da eta autoekoizpenaren bidetik etorriko da, taldeak bere diskoetxe propioarekin eta SGAEtik kanpo kaleratuko baitu lana. Internetek duen garrantzia ikusita, diskoa web orrialde berrituarekin batera aterako da eta, bertan, disko osoa eta material guztia libreki deskargatu ahal izango da. Aurrerapen moduan, "Asteroideen antzokian artista eraila" abestiaren bideoklipa jarri dute ikusgai eta bihar bertan Gaztea.com-en izango ditugu eskegita kantu horren audioa eta bideoklipa bera.. Kerobiaren Materia organikoa eta gainerakoak lanak berezitasun bat izango du: Trilogia baten lehen zatia izango da. Disko bakoitzaren iraupena 20 minutukoa izango da eta, beraz, 60 minutuko iraupena izango du trilogia osoak. Lehen zatia, Materia organikoa eta gainerakoak, beraz, apirilaren 29an aterako da, esan bezala; bigarrena, 2009ko otsailean iritsiko zaigu eta hirugarrena, berriz, 2009ko urrian. Beraz, urte eta erdiko epean argitaratuko dute trilogia osoa. Hiru disko horiek ardatz, testuinguru eta ildo komuna izango dute: kontenedoreak edo edukiontziak. Horrexegatik, trilogiako lehen diskoak Materia organikoa eta gainerakoak izena izango du, bigarrena paper eta akrtoiei zuzenduta egongo da eta hirugarrena, berriz, plastikozko gaiei. Kerobia taldeko kideek hitz hauekin laburbildu dute edukiontzien filosofia hori: "bizitzan zehar gauzak eta momentu ezberdinak erabili, gorde edo ezeztatzen ditugu. Han jasotzen dira jendeak ahaztu edo kontsumitu dituen gauzak, ideia. Norberaren unibertsoaren fitxategi bat bilakatzen da, apalategi soil bat almazen batean, bizitzaren zatiak dituelarik stock moduan. Horrexegatik aukeratu dugu kontenedorearen ideia, begirada bat bota nahi diogulako horri guztiari. Zer aurkituko dugu, zer ikusiko dugu kontenedore ezberdinetan? Guzti hau isladatuko da lan ezberdinetan".Edukiaz gain, ekoizpenari dagokionez ere ekarriko dizkigute berrikuntzak. Disko berria autoekoitzi egin du taldeak eta bere diskoetxearekin aterako du. Gainera, SGAE utzi omen dute iruindarrek: "proiektu berri honen filosofiarekin bat ez datorrelako eta beraiek betetzen duten funtzioarekin eta lanarekin bat ez datozelako, gure aurreko diskoen etekinei uko egin diogu eta hemendik aurrera SGAEtik kanpo lan egiteko asmoa daukagu". Bestalde, autoekoizpenaren bideari heldu diotenez, entzule guztiei Kerobiaren musika libreki entzuteko aukera eman nahi diete eta, beraz, disko osoa kalitate onean, audio, irudi eta datu guztiekin jaitsi ahal izango da doan webgune ofizialean. Baina, aukera hori sortu badute ere, bakoitzak taldearen lana baloratu eta proiektu horretan laguntzeko dirua aportatzeko aukera izango du, proiektua bere osotasunean burutzeko aukera izateko eta hori aurrera eramateko bitarteko nahikoak ahalbideratzeko. Sortu berri duten bloga indartzen ere ahaleginduko da laukotea.Hori bai, ohi den bezala, disko berria dendetan erosteko aukera ere izango da GOR diskoetxearen banaketaren bitartez. Esan bezala, Materia organikoa eta gainerakoak lana prentsaurreko batean aurkeztuko dute Kerobiakoek apirilaren 29an. Ordurako, dendetan izango da lana eta web orrialde berria ere martxan izango da deskarga guztiekin eta informazio osatuarekin. Gainera, prentsaurrekoaren hurrengo egunean bertan hasiko du taldeak lan berria zuzenean aurkezteko kontzertu-bira. Hona hemen orain arte hitzartuta dauzkaten kontzertuak:Apirilaren 30ean Amurrion.Maiatzaren 9an Zornotzako Idaba Musik aretoan.Maiatzaren 16an Gasteizko People aretoanMaiatzaren 23an Donostiako DOKAnEkainaren 6an Gallartan.

