
Amparanoiaren agurreko kontzertua, gaur Zornotzan
2008/07/24
Amparanoia taldearen aurretik, Lila Downs kantari mexikarraren kontzertua entzun eta ikusi ahal izango da Zornotzako Larrea futbol-zelaian.
Amparo Sanchezek zuzentzen duen Amparanoia taldeak eten bat egingo du orain arteko bere musika ibilbidean eta hain zuzen ere, "Bye Bye Tour 08" agur-bira horren baitan Zornotzan (Bizkaia) izango da gaur gauean.
Seguire caminando azken disko bikoitzak eta DVDak Amparanoiaren 12 urte hauetako ibilbidea biltzen du. Ibilbide luze bezain oparoa izan da Amparo Sanchezek taldean egin duena: 2.000 kontzertu, estudioetan grabatutako 5 disko, bilduma bat eta gaur egun esku artean duen lana dira horren lekuko.
Amparo Sanchezek berak aitortzen duenez, musika ibilbidean eten bat egin eta arlo berriak ezagutzeko garai iritsi da. Gaur gauean, Zornotzan eskainiko duen kontzertua, beraz, berezia izango da.
Baina lehenago, 22:00etan, Lila Downs arituko da, Mexikoko musika tradizionala errekuperatzen eta berrasmatzen dituen abeslari mexikar eta estatubatuarra. Downsek mixteca indiar kantuak, rantxerak, corridoak edo boleroak beste musika estiloetatik eratorritako instrumentu eta moldaketekin uztartzen ditu, jazza, bluesa edo bossa nova, besteak beste.
Kontzertu biak Larreako Futbol Zelaian izango dira eta sarrerak 15 (aldez aurretik) eta 20 euro balio dituzte. Hauek BBK eta Tick Tack Ticket bidez lortu daitezke.

