
Mikel Errazkin, Sorotan Bele taldeko sortzaileetakoa, hil da
2008/09/05
Bost disko atera zituen bakarka eta hainbat lan egin zituen moldatzaile, konpositore eta ekoizle bezala beste artista eta talderentzat. Osasunez ahul samar zebilen azken urteotan.
Mikel Errazkin Sorotan Bele taldeko sortzaileetako bat izan zena hil da ostiral honetan, irailak 5. Musikagile eta konpositore ezagunak arrakasta itzela izan zuen talde horrekin 90eko hamarkadan, zelta musika eta folka nahastuz.
Gaztea irrati kateak jakitera eman duenez, denbora zeraman osasunez pattal samar eta gaur hil da.
Mikel konpositore eta flauta-jotzaile izan zen Sorotan Bele taldean baina 1994an flautak alde batera utzi behar izan zituen osasun arazoak zirela eta. Hala, konposizio arlora mugatu zuen bere ekarpena.
Taldea desegin zenean, ekoizle musikal, moldatzaile, soinu-teknikari eta grabazio estudio bateko arduradun gisa hasi zen lanean. 1995ean, Hirusta Records sortu zuen, egun 30 bat erreferentzia eta beste hainbat ekoizpen dituen diskografia-enpresa.
1996an Aixa talde esperimentala sortu zuen Urbil Artola Sorotan Bele taldeko lankide ohiarekin eta diskoa atera zuten.
Gainera, beste bost disko atera zituen bakarlari gisa.
