
Gazteentzako bideo lehiaketa abian, irrika.net-en
2008/05/09
Lanak maiatzaren 31 baino lehen bidali behar dira eta irabazleak ordenagailu eramangarri bat jasoko du.
Euskal Herriko Unibertsitateak eta Elhuyar Fundazioak sustatuta sortu den www.irrika.net webguneak gazteentzako bideo lehiaketa bat jarri du abian.
"Argi ibili eta burua erabili" gaia ardatz harturik, gazteek gehienez hiru minutuko bideo bat ekoitzi eta webgune honetara igo behar dute. Parte-hartzaileek maiatzaren 31ra arteko epea dute bideoak landu eta aipatutako orrialdean jartzeko.
EHUko aditu talde batek erabakiko du zein den bideorik onena eta bideo horren egileak ordenagailu eramangarri bat jasoko du. Bestalde, erabiltzaileek ere, gehien gustatu zaien bideoari bozka emateko aukera izango dute eta boto gehien eskuratzen dituenak Elhuyar Fundazioaren eta EHUren produktu sorta bat jasoko du.
Lehiaketaren oinarriak www.irrika.net web gunean daude ikusgai.

