
Bruce Willisek egin lezake John "Hannibal" Smithen papera
2008/05/14
80. hamarkadan argia ikusi zuen telesailean oinarrituta egongo den filma prestatzen dabil 20th Century Fox eta Hannibal, Fenix, Murdock eta M.A. Barracus pertsonaien papera egiteko aktoreak bilatzen dihardu.
Bruce Willis The A-Team pelikulako protagonistetako bat izango da. Hori nahi du behintzat 20th Century Foxek. Korporazio hau 80. hamarkadan argia ikusi zuen telesailean oinarrituta egongo den filma prestatzen dabil eta horretarako, Hannibal, Fenix, Murdock eta M.A. Barracus pertsonaien papera egiteko aktoreak bilatzen dihardu.
Latino Reviewko iturriek jakitera eman dutenez, Bruce Willis aktorea John "Hannibal" Smithen papera egiteko hautagai onena da John Singleton zuzendariaren iritziz.
Gainerako pertsonaien papera egitea nori egokitu zaion, ordea, argitzeke dago oraindik. Zurrumurruek diote, Woody Harrelson izan litekeela Murdock berria eta Fenixen papera Hollywoodeko aktore ederren baten esku gera liteke. Halere, oraindik zuzendariaren izena baino ez dute baieztatu.
Bestalde, filmaren edukiari dagokionez, pertsonaiak Vietnamgo soldaduak izan beharrean, Irakeko Gerrako beteranoak izango dira.
Aurreikusitakoaren arabera, 2009ko ekainaren amaieran estreinatuko dute pelikula.

